BIKOTEAREKIN BIDAIATZEN

Bidaia honetan zehar bidaiari mota pila bat ezagutu ditugu, denbora luzea bidaiatzen dutenak, denbora gutxiago, ikusi dugu luzea eta motza oso erlatiboa dela, lagunekin, bakarrik, bikotearekin, ezagutu berri duen norbaitekin... Guk bikotean bidaiatzea erabaki genuen, eta egia da egun gehienetan beste norbaitekin partekatzen dugula ratotxo bat edo ia egun osoa, baina gure bidea binakakoa da. 

Hasieran intriga nuen aspektu honekin, elkarrekin bizi gara, baina hortik 24 orduak elkarrekin ematera badago saltoa. Eta ez dut oso gogoan zehazki zer pentsatzen nuen honen inguruan, bakarrik beldur pixka bat nuela.

4 hilabete pasatu dira, eta esperientziaren balantzea oso positiboa da, nik uste dut oso ekipo ona osatu dugula!

Erabakiak hartu behar dira etengabe, eta ikasi dugu batak besteari entzuten. Eta egun batzuetan pazientzia gehiago dugu bestea entzuteko, beste batzuetan gutxiago, baina uste dut hori identifikatzen ere ikasi dugula. Gainera, beti ez ditugu gogo edo asmo berdinak, beraz, amore ematearen dantza ere eguneroko gauza da. 

Elkarrekin bizi gara, bai, baina bidaian konturatu gara kalitatezko askoz denbora gehiago  konpartitzen dugula. Oraindik ez gara elkarrizketarako gairik gabe gelditu, eta badira ordu batzuk! Gauza txiki eta haundietan sakontzeko denbora dugu, pentsamenduak konpartitzeko, eta horrek hurbildu egiten gaitu.

Egoera berriak bizitzen ari gara etengabe, eta honek erreakzio berriak ekartzen ditu. Behar bada bikote barruan rolak hartuak genituen, baina egoera berrietara elkarrekin egokitu beharrak rolak tokiz aldatzen ditu askotan. Beldurtiagoa zena ausartagoa da batzuetan, jendearekin hitz egiterakoan paperak aldatzen dira egunaren arabera...

Inertziak hautsi ditugu bidaian, eta berriak eraiki. Gauzen aurrean sorpresa, ilusioa agertzen da askotan, eta oso polita da bikotea zentzu horretan hazten ikustea. Genituen akatsak birplanteatzea egoerak aztertuz...

Eta... paradojikoa dirudien arren, elkarren artean dena egin behar izateak norbera eta bestearen mugak askoz hobe ezagutzea eragin du, eta elkarrekin libre izatearen sentsazioa haundiagoa da. 

Esperientzia gomendagarria!





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina